JURRAMENDIREN ITZALEAN 1976-5-9

1976an gertakari latza eman zen Nafarroako Lizarrerriaren bihotzean. Urtero, maiatzean, Jurramendiren gerizpean karlistek XIX. mendeko gerretan erakutsiriko kemena ospatzen ohi zen, erromeria jendetsuaren gisa. Data hartan, baina, Franco diktadorea hil zenetik bakarrik urte erdia pasa ondoren, karlismoak ordurarte jorraturiko bizipen historiko sakona bidegurutzean zegoen, abagune politiko berriaren aitzinean zabaltzen ari zitzaizkion aukeren artean erabakitzekotan. Ez baitzen erraza, barne egituretan nahiz kanpoari begira, Carlos Hugo de Borbon Parmaren jarraitzaileek argitu nahi zuten auziaren korapiloa askatzea.

Aipaturiko urtean, halere, karlismoak kolpe izugarria jasan zuen, aldez aurretik prestaturiko eraso ultraeskuindar espainiarrak izen handiko jai arrakastatsua zapuztuz. Bertaraturiko erasotzaileek pistolak nahiz metrailetak erabili zituzten, inguruan bildurikoak bortizki sakabanatuz. Horren ondorioz, ekitaldi baketsuaz gozatzen ari ziren Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos erail zituzten, baita bertze hamaika lagun zauritu ere. Alta, ekintza ilun horretan jardun zuten faxisten artean beranduagoko BVE eta GAL taldeko hainbat kide aurkitzen ahal da. Errate baterako, Iñaki Egaña egileak horien izen batzuk eskaini zituen (1996), garaiko Gipuzkoako Aldundiko burua zenak antolatzaile lanetan garrantzi handia izan zuela gaineratuz. Azken hau ETA erakundeak hil zuen, 1976an bertan. Edonola ere, hagitzez datu gehiago ezagutu nahi izanez gero, “Jurramendi informea” ikerlan sendoa irakurri, bertzerik ez dago.


“Duela hogeita bortz urte”

“Dirudienez, urtemuga hau ospatu asmoz, gertakari haiek prestatu eta burutzeko horrenbertze lana hartu zuen ministeritza berak, bertan eraildako Ricardo eta Aniano lagunei “terrorismoaren biktima” izaera ukatu die, haien amek eginiko eskaera deuseztuz. Espainiar armadak ekoizturiko bala batek Ricardo hil zuen. Armada horren komandante batek Aniano hil zuen. Alta, auzi horretan aritu ziren guziek urtemugaren ospakizun goiztiarra burutu dute, amei eginiko opari honek zauria larrituz. Eta hori guti balitz, Meliton Manzanas torturatzaileari “terrorismoaren biktima” izaera eman diote […] Tratamendu bera bertze batzuek jaso dute: Santi Brouard, Atochako abokatuak,… Eta ongi iruditzen zaigu, baina zergatik ez Ricardo eta Anianorekin? Alderdi Karlistarekin harremana zutelakotz, ziurrenik. Izan ere, garai hartako lehendabiziko hauteskundeak bozkatu eta hilabete pasa arte ez zuten Alderdi Karlista legeztatu.

Orduko Iruñeko Artzapezpikuak galde egin zuen 1976ko maiatzaren 15ean : “Nork armatu zituen erasotzaileak? Zergatik armatu zituzten? Zergatik ez zizkieten armak kendu?”. Ez zioten erantzun, ezta oraino ere. Parte hartu zutenei “nolabaiteko amnistia” ezarri zitzaien. Egun, erantzunkizuna, ardura zutenen artean bat Xuntako Presidentea da, bertzea “Duque de Suárez”. Hildakoen oroitarria ere hainbatetan eraso dute. Oroitzapenak oztopatzen du, baina herriaren bihotzean dira, eta handik ezin dute kendu”.

“Montejurra”, EKAren argitalpena

2001eko apirilaren editoriala