ANTZERKI AROA EUSKARAZ

 

Hemen da berriz ere Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloa, doluari, tratu txarrei eta gizakiaren ardurei heltzen dien proposamen batekin

Nafarroako Antzerki Eskolan hiru lan antzeztuko dira urriaren 19an eta azaroaren 2an eta 23an

Sentimenduetan, beldurretan eta intimitatean murgiltzea proposatzen du gazteei eta helduei zuzenduta dagoen Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloak udazkenerako. Iruñeko Udalak antolatu du, Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Edizio honetan, 3 lan antzeztuko dira, beti 19:00etan, urriaren 19an eta azaroaren 2an eta 23an, denak ala denak Nafarroako konpainia profesionalen eskutik.

Berez, oraingo honetan Antzerki Aroa zikloa Batxilergoko ikasleei antzerkiaren mundua hurbiltzeko hezkuntza-programa batekin osatu da. Aurkezpenean izan dira Oier Zuñiga, Lucia Ezker eta Adriana Salvo, antzezlanez arduratuko diren konpainietako kideak.

Oier Zuñigak hasiera emanen dio Antzerki Aro honi ‘Eresia’ antzezlanarekin, urriaren 19an, non ekintza eszenikoa dolu-erritu kolektibo bihurtuko baitu bere amaren heriotzagatik. Iruñean bizi den Zuñiga aktore eta artista bisualak azken urteetan arte plastikoak eta eszenikoak arakatu ditu, performance arteari lotuta. Gazte eta helduei euskaraz zuzentzen zaien beste antzerki edizio honetan aurkezten duen proiektuak errituak berreraikitzea bilatzen du dolua landu eta osatzeko. Galera baten aurrean dauden gizarte-errituei heltzen die, baina baita barruko prozesua ere, esparru pribatura mugatua. Taula gainean sinbolismoarekin eta estetikarekin jolas egiten du, komunitatean heriotzak suposatzen duen minari buruz kolektiboki hausnartzeko aukera emanez.

Azaroaren 2an Lore More Konpainiaren txanda izanen da, zeinak ‘Trapu zikinak’ taularatuko baitu. Euskal Herriko arropa-ikuztegiei buruzko sormen kolektiboa da, trapu zikinak etxean garbitzen direla dioen esaera zaharrari kontrajartzen zaiona. Ikuztegiak espazio publikoak eta topaguneak izan ziren. Premisa horretatik abiatuz, antzezlanak begietara so egiten dio intimitatearen ideiari, eta omenaldia egiten die joan den mende erdialdera arte, izerdi eta barre artean, haien eskuekin igurtziz familia osoaren arropako orbanak kentzen zituzten emakumeei, isiluneak eta adiskidetasuna partekatzen zituzten emakumeei, alegia. Lore More Konpainia 2018an sortu zen, Maialen Díaz Urriza eta Mikele Urroz Zabalza aktoreen eskutik.

Boga Boga Konpainia arduratuko da zikloa ixteaz, eta azaroaren 23an ‘Behi Jasa’ antzezlana taularatuko du. Lanak tratu txarren gaiari heltzen dio, poesiatik abiatuta eta absurduaren antzerkitik gertu. Antzezlanak genero-indarkeria etengabea den etxe bat irudikatzen du, ‘maite zaitut’ faltsu baten atzean ezkutatzen dena, Carlos Bek idatzi du, eta 2017an Berdintasun Ministerioak genero-indarkeriaren zigiluarekin saritu zuen.

Hiru emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira, 19:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, 8 euroan, emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Antzerkia ikasgeletan

Oraingoan Antzerki Aroa zikloak belaunaldi berriak arte eszenikoetan eta euskararen erabileran eta sustapenean uztartzearen aldeko apustua egin du, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren elkarlanari esker. Bi entitateek haien programazioetan euskarazko hezkuntzako D ereduko ikasleei zuzendutako kultura-jardueren eskaintza jaso dute, eta orain zortzi ikastetxetan eginen den antzerki-zikloaren inguruko proiektu komun bat sortu dute.

Batxilergoko lehen mailako 530 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute ekimen horretan, eta horrek suposatzen du konpainiek antzezlan bakoitzarekin garatu dituzten unitate didaktikoei buruzko bitartekaritza-jarduerak eginen direla ikasgelan. Programa amaitzeko, obra bakoitzaren goizeko emanaldi bat eginen da parte hartzen duten ikasleentzat, arratsaldeko emanaldiaren egun berean.

Proposamen horrekin bat egin dute zortzi ikastetxek, hala nola Mendillorri, Zizur, Lekarotz, Alaitz, Leitza, Iturrama, Eunate eta Sarrigurengoak.

Antzerki Aroa. 2022ko udazkena

  • Nafarroako Antzerki Eskola. 19:00
  • Sarrerak: 8 euro
  • Urriak 19. Oier Zúñiga
  • Azaroak 2: Trapu Zikinak. Lore More Konpainia
  • Azaroak 23: Behi Jasa. Boga Boga Konpainia

http://www.pamplona.es/sites/default/files/2022-10/antzerkieuskera.pdf