BERTSOAROA

 

Bertsoaroak bertsolaritzari buruzko sei hitzordu proposatuko ditu otsailaren 9tik martxoaren 2ra, adin guztietako jendearendako, eta berritasun gisa, zentzumenei lotutako bertso-afari bat

 

Zikloa Nafarroako Antzerki Eskolan eginen den jaialdi batekin eta III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketarekin hasiko da, otsailaren 9an

 

Sei hitzorduk osatzen dute aurten Bertsoaroaren hogeita hamabigarren edizioa, otsailaren 9tik martxoaren 2ra eginen dena. Adin guztietako jendearendako jarduerak proposatzen dira zikloan, eta ez dira faltako lehen mailako bertsolarien ohiko jaialdiak, belaunaldi berriendako aukera, haurrei keinu bat eta ikus-entzunezko bat. Programan, berritasun gisa, zentzumenei lotutako bertso-afari bat eginen da martxoan, Bertsoaroa ixteko.

Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaizak estreinatuko dute Bertsoaroa otsailaren 9an, asteazkenarekin, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, maila handiko bertso-jaialdi batekin. Agertokiaren gainean, lehen mailako bertsolariak; besteak beste, zenbait lehiaketatako lau txapeldun. Zikloaren hasiera probestuko da, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatzeko. Sarrerak 5 euroan daude salgai jada Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean. 14 urtetik beherakoak doan sartuko dira.

Astebete geroago, Bertsoaroak bertsolaritzaren harrobia hartuko du ardatz gazteen jaialdi batean. 19:00etatik aurrera, Gazteluko plazako LABA gunean Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirrek abestuko dute. Bertsoaroak berriz ere emanen die jendaurrean praktikatu eta abesteko aukera bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna diren horiei, belaunaldi berrien eredu gisa. Sarrera doan da tokiak bete arte.

Biharamunean, otsailaren 16an, ostegunarekin, 19:00etan, ‘Anonyme popular’ proposamena aurkeztuko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Ikuskizun berritzailea da, Igor Elortza bertsolariak zuzendua, eta bertsoak ikus-entzunezko formatuan eta bizitzea egokitu zaigun garaiari eta giroari buruzko hausnarketak aurkezten ditu. Sarrerak 5 euroan daude salgai Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean. Agertoki gainean egonen dira Igor Elortza (letra eta ahotsa), Rafa Rueda musikaria (doinu eta hotsak) eta Dapa kolektiboaren proiekzioak. Lanak Oier Zuñigaren eszena-aholkularitza eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarren irudiak ditu. Urtarrilaren 29an Azpeitian estreinatu ondoren, Bertsoaroan eginen dute jendaurreko lehen emanaldietako bat.

Adin eta ikus-entzule guztiendako bertsolaritza

‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ da haurrendako antolatutako bertso-lantegia. Otsailaren 18an eginen da, larunbatarekin, 11:00etan, Milagrosako Civivoxean.  Jolas eta jardueren bidez, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta horrela Ainara Ieregi eta Iker Gorosterrazu bertsolariek emanaldia osatuko dute. Aurrez izena eman behar da, otsailaren 16 arte, nafarroa@bertsozale.eus posta elektronikoan edo 948 143 747 telefonoan.

Nafarroako Antzerki Eskolan eginen da berriz ere maila goreneko bertso-jaialdia, otsailaren 23an, ostegunarekin, 19:00etan. Lehen kategoriako bertsolariak igoko dira taula gainera, hala nola Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Sarai Robles. Horietako bakoitzak, ibilbide eta jatorri ezberdinekin, egungo bertsolaritzaren ikuspegi bat eskainiko du. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen diren beste jarduera guztietan bezala, sarrerek 5 euro balio dute eta NAEren webgunean erosten ahal dira.

Bertsoaroa modu berezi batean amaituko da, programako berritasunetako batekin. Martxoaren 2an, ostegunarekin, 20:00etan, bertso-afaria antolatu da. Bertsolaritzaren ohiko formatu informala da, eta oraingoan protagonista bost zentzumenak izanen dira. Geltokin eginen da, eta bertan izanen dira Alazne Untxalo, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariak eta gertuko ekoizle ekologiko batzuk. Sarrerak Geltokiko webgunean (www.geltoki.red) daude salgai, 21 euroan, eta afariko menua ere ikusten ahal da bertan.

Bertsoaroa 2023

Otsailak 9, osteguna, 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • BERTSO-JAIALDIA
  • Bertsolariak: Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza. Aurkezlea: Ainhoa Larretxea
  • Sarrera: 5 euro (NAEren webgunean. 14 urte bitartekoak, doan)

Otsailak 15, asteazkena. 19:00. LABA (Gazteluko plaza, 2)

  • GAZTEEN BERTSO-SAIOA
  • Bertsolariak: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Maddi Agirre. Aurkezlea: Iratxe Muxika
  • Sarrera librea, leku guztiak bete arte

Otsailak 16, osteguna, 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • ‘ANONYME POPULAR’
  • Ideia eta arte-zuzendaria: Igor Anonyme Popular
  • Hitzak eta ahotsa: Igor Elortza
  • Doinuak eta hotsa: Rafa Rueda
  • Ikus-entzunezko narrazioak: Kulturaz kooperatiba
  • Eszena-aholkularia: Oier Zuñiga
  • Irudia: Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabar
  • Sarrerak: 5 euro (NAEren webgunean. 14 urte bitartekoak, doan)

Otsailak 18, larunbata. 11:00. Milagrosako Civivoxa

  • ‘BERTSO JASA, BAT-BATEKO JOLASA’. Haurrendako bertso-lantegia
  • Bertsolariak: Ainara Ieregi, Iker Gorosterrazu. 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako.
  • Izena eman behar da nafarroa@bertsozale.eushelbide elektronikoan edo 948 143 747 telefonoan, otsailaren 16a arte

Otsailak 23, osteguna, 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • BERTSO-JAIALDIA
  • Bertsolariak: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena, Sarai Robles. Aurkezlea: Maialen Belarra
  • Sarrerak: 5 euro (NAEren webgunean. 14 urte bitartekoak, doan)

Martxoak 2, osteguna. 20:00. Geltoki

  • ZENTZUMENEI LOTUTAKO BERTSO-AFARIA
  • Bertsolariak: Alazne Untxalo, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina.  Aurkezlea: Ander Aranburu
  • Sarrerak: 21 euro (geltoki.redwebgunean salgai)