SUMERIAR KODEA (K.A. II. MILURTEAREN HASTAPENEAN)

Lipit-Ishtarren (Isingo erregearen) Kodea
esaten diotenaren zatiak:
[zenbakitze eta eduki eztabaidagarriak]


6 Norbaitek etxe baten atea eraisten badu, atea eraitsi duena hila izango da.

8 Batek besteari lur gorria eman zion baratze bat egin zezan eta beste horrek ez du baratzerik egin lugorri hartan; horrek bere zatia emango dio lugorrian baratzea egitea proposatu zionari.

9 Gizon bat bestearen baratzean sartu eta lapurtzen harrapatua bada, zilarrezko hamar siklo ordainduko ditu.

10 Gizon batek beste baten baratzeko arbola mozten badu, mea erdi zilar ordainduko dio.

11 Gizon baten etxearen ondoan beste gizon baten lugorria zabartu bada eta etxeko jabeak esaten badu “lurra zabartu dela-eta norbait sar badaiteke nire etxean, nire etxea gotortu behar dut”, eta berak akordio hori berresten badu, lugorriaren jabeak etxeko jabeari itzuliko dio galdutako ondare oro.

12 Emakumezko edo gizonezko esklabo batek hiriaren bihotzera ihes egin badu eta berresten bada hura beste norbaiten etxean bizi izan zela hilabete batez, horrek esklaboa emango du esklabo truk.

13 Ez badu esklaborik, zilarrezko bost siklo ordainduko ditu.

14 Gizon baten esklaboak esklabo-ontzia konpentsatu badio bere jabeari eta jabeak bi aldiz berresten badu, esklaboa liberatu egingo da.

15 Miktum bat erregeak egindako kontzesioa bada, ez zaio kenduko.

16 Miktum bat gizon batengana bere borondatez joaten bada, gizonak ezingo du geldiarazi, hura joan daiteke nahi duen tokira.

17 Baimenik ez duen gizon batek beste gizon bat lotzen badu berak ez dakien gorabehera batekin, gizonak ez badu berresten, ez du zigorra bere gain hartuko gorabehera hori dela eta.

18 Etxalde baten jabeak ondare zerga ordaindu behar badu eta hirugarren batek bere gain hartzen badu, hiru urtez ezingo du kanporatua izan. Ondoren, zerga ordaindu duen gizonak, etxaldeaz jabetuko da eta etxaldearen antzinako jabeak ezingo du inola erreklamatu.

22 Aita bizi bada, alaba, izan andre apaiz goren bat, izan apaizeme bat eta izan hierodula bat, etxean biziko da oinordeko gisa.

24 Ezkondutako bigarren emakumeak seme-alabak ematen badizkio, gurasoen etxetik ekarritako dotea seme-alabena izango da, baina lehenengo emaztearen seme-alabei eta bigarrenaren seme-alabei zati beretan banatuko zaie aitaren jabetza.

25 Gizon bat bere emaztearekin ezkondu bada, eta emazteak umeak izan baditu eta umeak bizi baditu, eta esklabo batek jabearekin umeak baditu, baina aitak askatasuna eman badie esklaboei eta haien umeei, esklaboaren umeek ez dituzte banatuko lurrak antzinako jabearen seme-alabekin.

27 Gizon baten andreak ez badio seme-alabarik ematen, baina plaza publikoko emagaldu batek seme-alabak ematen badizkio, bihia, olioa eta arropa emango dizkio emagalduari. Emagalduak eman dizkion seme-alabak oinordekoak izango dira, eta emaztea bizi duen bitartean, emagalduak ezingo du etxean bizi emaztearekin.

29 Suhi bat aitaginarrebaren etxean sartu bada eta ondoren aterarazi badute eta emaztea beste kide bati eman badio, ekarritako ezkon opariak emango dizkio eta emazteak ezingo du kidearekin ezkondu.

34 Gizon batek idi bat hartu badu errentan eta sudurreko eraztunaren haragia hausten bazaio, balio duenaren herena ordainduko dio.

35 Gizon batek idia hartu badu errentan eta begia kaltetzen bazaio, balio duenaren erdia ordainduko dio.

36 Gizon batek idia hartu badu errentan eta adarra hausten bazaio, balio duenaren laurdena ordainduko dio.

37 Gizon batek idia hartu badu errentan eta buztana hausten bazaio, balio duenaren laurdena ordainduko dio.