EGUZKITAN KULUXKA

 

 

1

 

Eguzkitan etzanik, besaulki luzean,

ia oso biluzik, haizea larruan,

ultra-moreak senda omen diezadan,

horra noiz mihi epel leun eta bustian

dago gizon txikia bere harriduran.

 

Bat-batean han zutik, jitekoa zainduz,

ondo harrapaturik, laztanetan listuz

txirikordatzen duen mihia gozatuz,

hanpatzen da gizona, burua handituz,

itxaropenarekin zainak arras hantuz.

 

Oso irekitzen den atean sarturik,

haizearen freskura pozaz urrundurik,

taupada beroetan are luzaturik,

txupatxusa bezala kontuz miazturik,

nola lehertuko den, oi, ez da bertsurik.

 

2

 

Laster nire aurrean, gora luzaturik,

orain bi izter daude, larrua belzturik,

ixtaklok erakutsiz ezpainen artetik

gizonik txikiena, eztiak bustirik,

mihi baten zain dena, han dardaraturik.

 

Hor hustua izanki, zer dut hautatua?

Izterren laztantzean mihi dohatsua,

larru leun epelean oro aritua,

‘ta gero burutxoa ongi miaztua,

hatzetan biribilduz haragi hantua.

 

Horra non zur eta lur, nire eskuetan

kuiatxo bat bana dator banaketan.

Bi ateak zabalduz, ai joan-jinetan

nola malgutzen dira, nire hartzekotan,

orain iratzarria, berotu barnetan!

 

3

 

Segidan zangalatrau orain eseririk

dago nire jabea, ateren batetik

gizon txiki osoa fite irentsirik,

barneko besarkada goxoki emanik

gora eta behera luzaz mugiturik.

 

Zorro leunen dardarak, zetaren ferekak

eta noiz behinkako ate aldaketak,

jalgitzen ari zaizkit sute irudiak,

sentsuen paradisu eta infernuak,

inarrosiz neurona eta sinapsiak.

 

Jabearen ikarek, gelditurik gabe,

haren goi-plazerean banaute nerabe,

gizon eta txikia puztuz oharkabe,

gozamena luzatuz horren etengabe

non denak bilakatzen jainkoen jarabe.

 

2020/03/25

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (75. zenbakian)