ALETXA ETA MIKEL – 12

 

Udaberriko arratsalde eder honetan, kostaldeko ospitale gela zuri-zuritik, Mikel abiatzeko prest zegoen. Bigarren gaua zaintzean pasatua zuen eta etxean erosokiago eriondoa pasatuko zela errana zion kirurgilariak bezperako arratsaldean. Horrez gain, etxeratzearekin infekzio baten ospitalean harrapatzeko arriskua saihestuko zuela. Matelezurra argiki haustua zuela erran zion ere Mikeli. Eta kolpea biziki bortitza izana zela horrelako haustea lortzeko. Ebakuntzan titanezko plakak ezarriak zizkiola, torloju batzuek hezurrean finkatuak, erran zion. Halere sistema hau sendo izan arren sei astez elikadura likidoa baizik ez zuen jan edo irentsi behar, hezurra berriz lotu arte.

Bistan dena, Aletxak bere burua aurkezteko aukera ez zuen huts egin. Eta baietz, haren arabera, “Gustatzen zaidana” programarekin zopen prestaketa erraza baino errazagoa izanen litzatekeela baieztatu zion kirurgialariari.

Baina hazkurritsuak izan beharko zutela zopek, zehaztu zuen kirurgilariak, hezurrak ongi lotzeko.

Eguerdian ospitaleko zopa ez hain hazkurritsua edan ondotik, kirurgilariaren errezeta poltsikoan, Mikel ospitaletik atera zen poliziakide uniformez jantziarekin. Goizean laneko kide bat etorria zen haren autoa etxeratzeko. Izan ere, minaren murrizteko morfinarekin odoletan, burua arinarekin, ez zen pentsatzeko Mikelek gida dezanik!

Mikelek burua pixka bat arina zuen baina begiak adi eta erne zituen ospitaleko aparkalekuan poliziakidea segitzen zuelarik. Bat-batean bere erasotzaile erraldoia ikusi zuen bi auto lerroen gibelean, gordeka gelditzen saiatzen zela.

– Kasu jauna! Hor dugu nire erasotzailea, erraldoi hori, —Mikelek poliziakideari— autoen gibelean kukutzen saiatzen dena!

– Bai Mikel jauna, ikusi dut nik ere baina ezikusiarena eginen dugu guk eta autoan garelarik Galdaniz inspektorea deituko dut.

Erran eta egin. Poliziako autora jarraiki zuten eta sartu. Mikel gibeleko eskuinean eseririk, segurtasun uhalak finkaturik, poliziak aparkalekutik kanpora gidatu zuen. Begi batekin gibelerako ispiluan, mikrofonoa piztu zuen hatz batez.

– Galdaniz inspektorea, Galdaniz inspektorea! Hemen Mikelekin nauzu haren etxerako bidean, ospitaletik atera berri garela. Kopiatu, otoi!

– Argi eta garbi, brigadier! Ospitaletik atera berri zarete. Dena normala?

– Inspektore, Mikelen erasotzailea ikusi dugu aparkalekuan, kukutzen saiatzen zela. Orain BMW erraldoia dut nire gibelean, berrehun metrora, dirudienez distantzia mantentzen du. Oraindik ez da hurbiltzen.

– Ongi brigadier! Ez azeleratu eta BABetik pasa zaitez, bidaia luzatzeko. Oraintxe bertan lau brigadier talde bat polizia etxetik abiatzen da auto arrunt batean, Peugeot 308 zuria da. Gibeletik hurbilduko dira BMW hori zure gibelean blokatzeko eta gizona arrastatzeko. Azken momentuan baizik ez dute argi itzulikaria aterako.

– Bostetik bost, inspektore! Zure zain nago noiz dezeleratzeko. —brigadierrak.

– Bikain brigadier. Balen kontrako barnekoa jadanik jantzia ote duzu? Eta Sig Sauera armatua?

– Baietz inspektore! Baina oraintxe bigarren BMW erraldoi bat eskuinetik sartu da justu nire aurrean eta gero eta emekiago ibiltzen da. Gibeleko BMWa orain hurbiltzen ere ikusten dut. Haiek ezarri digute tranpa! Mikel, kukutu zure burua eserlekuen artean! Oraindik urrun ote dira kideak, inspektore?

– Bigarren BMWtik ehun metrora dira. Baina zure lekuko babestua arriskuan ez jartzeko, ahal bezain laster lehen kalea har ezazu eskuinetara, aurretik seinalatu gabe, zure aurrean dagoen BMWa trafikoan uzteko, ados?

– Baietz inspektore! Eskuin aldean Bost-Kantoi plazarantz hartzen dut oraintxe. Ea segituko zaigun… Bai, gibeleko BMWak segitzen zaigu. Eta aurreko BMWa trafikoan itsatsia da. Ufa!

– Brigadier! Ez gelditu merkatu plazan! Jende gehiegi dago han! Segi ezazu hondartzetarantz. Hirugarren kalea eskuinetara hartuko duzu, Larreetako kalea, estu-estua. Normalki hutsa izanen da. Dezeleratuko duzu BMWa sartu arte. Eta orduan gelditu. Taldeak, argi itzulikaria 308aren teilatuan jarririk, BMWa gibeletik blokatuko du eta ohiko prozeduren errespetuan kontrola hartuko du. Zu, autoan geldituko zara. Ados?

– Ados, inspektore!

– Inspektore, brigadier, kasu! Kasu egin! —Aletxak, poliziaren irratietan mintzatzen zelarik normala baizik ez bazen bezala— Erasotzaileak gaur ere kokaina badu odoletan, gure adimendu artifizialak erran berri digunaren arabera! Ez ustekoak egin ditzake arriskuak kontuan ez harturik, madarikatu horrek! Kasu, kasu!

– Milesker Aletxa, zure laguntza preziatuagatik! —inspektoreak.

Erran bezala, brigadierrak gelditu gabe gidatu zuen Bost-Kantoi plazatik hondartzarantz eta hirugarren kalean eskuinetara sartu zen. Hogeita hamar metro aitzineratu eta gibelerako ispiluan BMWa kalean sartzen ikusi zuen. Handik hogeita hamar metrora moteldu eta gelditu zuen autoa, motorra martxan mantentzen zuela hala ere.

BMWa hurbildu zitzaien bizpahiru metrora. Berehala brigadierrak polizia taldeko 308aren gainean argi itzulikaria ikusi zuen BMWaren leihoen zehar. Kanpoko ate ispiluetan ikusi zituen taldeko kideak 308tik ateratzen, lauetako hiru metrailetekin eskuetan. Gidatzen zuen poliziak eskutan paper orri zuri bat zuen eta BMWko gidariaren leihora hurbildu:

– Egun on jauna! Polizia nazionala. Leihoa ireki otoi! —bere agiria erakutsiz leihoaren norabidean, behin eta berriz agindua errepikatu zuen, brigadierra eta Mikelek aurreko autoan eta inspektoreak bulegoan argiki entzuten zutelarik irratietan.

Mintzatzen zelarik beste hiru kideetako bik beren burua BMWaren aurreko aldean kokatua zuten, esker eta eskuinean. Hirugarrena 308aren ezker aldean zegoen. Hiruek metrailetak oraindik zituzten beherantz zuzenduak.

Segundo luzeen buruan BMWko gidariaren leihoa beheratzen hasi zen. 93ko ahotsa entzun zen:

– Egun on polizia jauna! Zer egin dut gaizki, otoi, horrela gelditua izateko metrailetekin eta guztiz? —ahotsean mespretxu doinu nabarmena zuelarik.

– Ohiko kontrol bat, damutzen naiz jauna, autoaren agiriak eta zure gida baimena otoi. —poliziaren doinuak, irmo baina irmoago ez zuen batere damutzerik asmatzen uzten.

– Beti bezala jende onei gertatzen zaizkie horrelakoak, lapurrak ihesean dabiltzalarik! —93ko ahotsak, dokumentuak leihotik ateratzen zituenean.

– Milesker jauna! —agiriei begirada labur bat eta— Motorra itzali otoi eta autotik atera eskuak erakutsiz! Atxilotze agindua badut zure kontra, jauna.

Bat-batean, BMWko motorraren marruma izugarriak kalearen isiltasun trankila urratu zuen. Une berean kolpe batez BMWa aitzineratu zen, brigadierra eta Mikel ziren polizia autoa bulldozerra harri koxkorra bezala aitzinera bultzatu zuen, gomazko kean eta altzairu marruskaduraren oihuetan, kale laburraren bukaera arte eta ihes egin zuen.

 

 

2023/02/19

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (76. zenbakian)