URDIÑARBEKO SIBASTARRAK PASTORALA

Artzainak eta artaldea oholtza gainean. Argazkia: Iñaki Lopez de Luzuriaga.

Junes Casenave-Harigile eta

Allande Sokarros pastoral zale handiei.

Zuen adiskidetasun eta eskuzabaltasuna

bihotzez eskertuz. Eskerrik hanitx!

Urtero bezala, aurten ere, udan, pastoralen tenorea iritsi zaigu. Aurten bat bakarra, Zuberoakoa, Urdiñarbe herriak jokatua, Sibastarrak pastorala izenekoa. Maritxu Neguelua urdiñarbetar gazteak idatzi du eta Urdiñarbeko herriak uztailaren 30ean, igandez, abuztuaren 4an, ostiralez eta abuztuaren 6an, igandez, jokatu du. Hiru emanaldietan harmailak jendez mukuru izan dira eta arrakasta handia erdietsi dute. Nik hirugarren emanaldia ikusi nuen eta hortik abiatuko dut nire kronika moduko hau.

Goizeko 10,30etan Urdiñarbera iritsi ginen, eta orduan ari ziren pastoralaren arizaleak herriko elizara sartzen, haien atzetik, mezara hurbildu ginen guztiok. Eliza jendez lepo zegoen, eta kanpoan bazen jende ainitz kanpotik mezaren nondik norakoak jarraitzen. Apaiza ohikoa zen, Xanot Etxeto, Mauleko (eta Zuberoa osoko) jaun erretorea. Meza guztia xiberotarrez eman zuen, betiko mezuak eta kantu ederrak tartekatuz. Urtero, pastoralari buruz berak egindako bertso andana ederra kantatzen ohi du. Aurten ere, bertso ederrak bota ditu. Eta hauxe da nire galdera: nork bilduko ditu Etxetoren bertsoak? Bada pila ederra, liburu bat egiteko hainekoa.

Meza bukatzean, elizatik atera, eta herriko etxearen aitzinean zegoen agertokiraino joan ziren, beraiekin batera ohiko artzainak, artaldea, zakurra eta astoa eramanez. Buruan bi banderariak, urdina eta gorria, gero Maritxu Neguelua pastoral-egilea eta Battitte Berrogain errejenta; horien gibeletik musikariak eta arizale guzti-guztiak. Herriko etxearen aitzinean zenbait dantza egin ondoren, zintzur-bustitzearen tenorea iritsia zen, eta gehien-gehienak aldamenean jarririk zegoen ostatura hurbildu ziren. Gero ikastolak eskaini herri bazkaria izan zen, eta 3,30etan, ttanko, arratsaldeko emanaldia.

Pastoral-meza bukatu ondoren, jendea Urdiñarbeko elizatik ateratzen.

 

Goizeko karrika-üngürüa.

 

Battitte Berrogain errejenta

Maritxu Neguelua pastoral-idazlea

1.- Urdiñarbe, herri maskarada eta pastoral zalea.

Urdiñarbe herriak, bere historian barna, maskarada, pastoral eta ikusgarri franko jokatu ditu. Beti izan da euskal kulturari, bereziki Zuberokoari, loturiko herri ekintzaile eta euskaltzalea. Jakin badakigu, urdiñarbetarrek maskaradak jokatu zituztela, 1930ean, 1936an, 1949an, 1977an, 1982an, 1993an, 2006an eta 2019n. Pastoraletan ere, antolatzaile eta zabaltzaile handia izan dugu Urdiñarbe herria. 1909an hiru pastoral jokatu zituzten, Roland, Sainte-Hélène eta Abraham, 1936an Garaibie pastorala, 1980an Iparragirre pastorala, 1988an Agosti Xaho pastorala, 1999an, berriz, Iparragirre pastorala eta 2023an, oraingo pastorala: Sibastarrak.

Lehen aipatu bezala, 1909. urtean urdiñabetarrek hiru pastoral jokatu zituzten. Apirilaren 12an, Bazko astelehenez, Roland trajeria edo pastorala jokatu zuten, baina jokatu ondoren, arizale edo parte-hartzaileen arteko liskarrak sortu ziren, batzuk zuriak zirelako, hau da elizaren eta estatuaren batasuanren aldekoak, eta besteak gorriak, estatu eta elizaren bereiztearen aldekoak. Zurien buru Auguste Menditte erretorea zegoen, eta gorrien buru, Lazare Bedaxagar alkate edo auzapeza. Zuriek Sainte Hélène pastorala jokatu zuten herriko plazan, ekainaren 6an, eta egun berean, plazatik kilometro batera, Lahantsagoitiko pentzean, gorriek Abraham pastorala jokatu zuten. Honetaz bada Sü-Azia elkarteak 2020an plazaratu zuen “Pastoralen gerla, Urdiñarbe 1909-1912” izeneko liburu interesgarria.

2.- Madalena eta Jean Jauregiberri anai-arrebak.-

Pastoral honen süjeta edo gai ardatza Sibastarrak dira, hau da, Zibozeko Sibasea etxeko Madalena eta Jean Jauregiberri anai-arrebak, biak euskaltzale sutsuak izan zirenak. Egin dezagun historia pixka bat.

1878. urtean, Alexis Jauregiberri aloztarra Ziboze Elixalteko Dorothée Erbinekin ezkondu zen. Lehen hiru seme-alabak Jean (1880), Arno (1882) eta Madalena (1884) Alozen sortu ziren. Garai hartan, Alexis aita etxe batez jabetu zen Argentinan, eta familia osora Argentinara bizitzera aldatu zen. Lau urte Ameriketan pasatu ondoren, Euskal Herrira itzuli ziren. 1906an Argentinara itzuli ziren, berriro, eta han bizi izan ziren Lehen Gerla Handia piztu zen arte. Zuberoara itzulirik, Madalena armadako erizain gisa aritu zen eta Jean, Alexis eta Clément anaiak soldadu gisa. 1918an Alexis aita zendu zen, eta jakin badakigu, ordurako, familia osoa Zibozeko Sibasea etxean bizi zela. Hortik datozkie pastoralak izenburutzat hartu duen ezizena: sibastarrak, alegia.

Madalena eta Jean Jauregiberri anai-arrebak.

Madalenak senargaia istripu batean galdu zuelarik, tristura handi batek hartu zuen luzaz, eta horregatik, 1925. urtean Donibane Lohizunen sendagile zen Jean anaiak berarekin eraman zuen Lapurdiko hiri ederrera. Donibanen aukera izan zuen Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko euskaltzale asko ezagutzeko, eta haiekin batera, euskararen eta euskal kulturaren aldeko ideiak eta asmoak partekatzeko.

Hortik aitzina, bi anai-arrebak euskararen ekintzaile sutsuak izan ziren. Euskal Herri Zaleen elkartekoak izan ziren, Aitzina agerkarian idatzi zuten eta Madalenak, beste emakumeekin batera, Hegoaldeko Emakume Abertzale Batzaren eredutik abiatuta, Begiraleak elkarte eta mugimendua sortu zuen, laster Iparraldeko hiru herrialdeetara zabaldu zena. Haien xedea, euskara, euskal kultura eta giristinotasuna zaintzea eta hedatzea zen.

1936an, Hegoaldea gerlaren eta zapalketaren tragedian murgilduta zelarik, Jauregiberri anai-arrebek Hegoaldeko anai-arrebak lagundu zituzten, baita Sibasea etxean errefuxiatuak aterpetzen ere. Bigarren mundu gerla piztu zelarik, Zuberoako makiak sostengatu zituzten, Jean armadako medikua izan zen eta Clément anaia kapitaina..

Gerla bukatu zelarik, Madalenak, Jean-ek eta Clément-ek, euskararen alde lan eginez jarraitu zuten: euskara kurtsoak emanez, artikuluak eta kronikak idazten, euskararen irakaskuntzarako diskoak plazaratzen, ipuinak biltzen eta plazaratzen, irratietan mintzatzen, zubereraren aditza aztertzen… eta abar. Jean Jauregiberri 1952an zendu zen eta Clément 1965ean. Madalena euskaltzain urgazlea izan zen hasieran eta 1975ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Bi urte berantago, hau da, 1977ko urriaren 20an hil zen Zibozen, 93 urte zituelarik.

Hauxe da, luma argi, txukun eta trebeaz, Maritxu Neguelua gazte urdiñarbetarrak idatzi duen pastoral ederraren gaia edo süjeta.

3.- Sibastarrak pastoralaren nondik norakoak.-

Maritxu Negueluak idatzi pastoral honek 21 jelkaldi ditu , errejenta Battitte Berrogain izan da, Jean-Charles Sans kantu moldatzaile eta zuzendari eta Laurence Boissinot eta Iban Etxegoinberri dantza sortzaile eta trebezaleak. Aipatu beharra dago, pastoral-liburuxkan Jean-Louis Davantek idatzi duen aitzin-solas mamitsu eta aberatsa, baita jauregiberritarren iloba den Maddi Cornu Althabegoittik idatzitako iruzkin hunkigarria ere.

Ikus ditzagun orain, pastoral honen zenbait pasarte. Lehen jelkaldian Lehen Mundu Gerraren aipamenak egin ondoren, Luis Ligetx (Ligueix, frantses grafian) koblakari larraintarraren “Gerla ondoko ametsa” kantatu zuten. Hori izan zen pastoralaren lehen kantorea. Lehen koblak honela dio: “Ürzo lepo xuria hona hiz apalik, / hirekila jin nintek nik banü hegalik. / Zohardi diagü eta aidea epelik, / ez dük bardin aitzina joaiteko ahalik, / pausa hakit aldean, ez dük ene axolik.”

Bigarren jelkaldian, berriz, Lehen Mundu Gerran, frontera, ezinbestean, eramandako mutil zuberotarren tragedia kontatzen digute Xabi Negueluak eta Aetz Etxart Sarasolak egindako “Iragana eta geroa” izeneko kantu hunkigarrian. Lehen kobla: “Halabeharrez abiatürik frantses poterearen menpe / lürrepaietan lohian biziz hainbat hilabete / gure biziak ordüan saltzen zütüen oso merke, / zer ertzokeriaren izenean hori honart genezake?”. Hirugarren kobla: “Soldadoak sartü dira arima frentean üztez / hil direnen hilobiak tapatü behar nigarrez, / artean herian lanean, borondate ta indarrez, / xahar, emazte ta haurrak arratxütitzeko gosez.”

Bosgarren jelkaldian, Emakume Abertzale Batzaren sorreraz mintzo dira Polixene Trabadua, Julia Fernandez Zabaleta eta Julene Urzelai. Horra hor: Polixene: Zenbat lagun gauden hemen! Bakoitxari ongi etorri! Eskerrik asko animatu zaretenoi, guztieri! / Espainiar estatua indar zapaltzaile hura, eskualdunak deuseztatu nahiz lanean ari da. // Julia: Frankismoa milikatzen ez duena preso hartu / errepresioarekin isilarazi nahi gaitu! / Gu mihiak josi gabe, aho batez ar gaitezen. / Boz bakar bat ahul bada, elkartuz oihu bihurtzen. // Julene: Lagunak batu dezagun euskal indarra, kemena. / Emakume, abertzale, gurea da garaipena!

Zortzigarren jelkaldian, 1935eko otsailean, Donibane Lohizuneko Gure Etxea izeneko kultur-egoitzan Begiraleak mugimenduaren lehen taldea sortu zuten, Madalena Jauregiberri buru zela.

Bederatzigarren jelkaldian, Hego Euskal Herria odoleztatu zuen 1936ko gerra aipatzen dute, Franco, Hitler eta Mussoliniren arteko aliantza aipatuz. Satan batek honela dio: “Franco deitzen dün hanitx maite düdan miñiñi, / bere lagünak ere halaxe dütün Hitler eta Mussolini.” Jelkaldi honetan azaltzen dira hizketan Ramon Serrano Suñez, Alessandro Pavolini, Joachim von Ribbentrop, Mola jenerala eta beste putre odolzale batzuk. Bukaeran, Iratzederrek idatzi zuen “Gernika” olerki lazgarria abestu zuten. Bigarren kobla: “ Gernika! / ikusten zaitut hilen herria iduri; / etxe aurtikiz baizik ez are igeri… / udaberria irriz dago munduari: / harri beltzetan lore guti zait ageri. / Gernika!

Hamahirugarren jelkaldiaren bukaeran, güdüka eman dute frankista eta eüskaldünen artean, makil dantza zoragarri baten doinuaz.

Pastoral-agertokia prest.

Arizale guztiak oholtzan kantuz. Argazkia: Iñaki Lopez de Luzuriaga.

Hamaseigarren jelkaldian, Bigarren Mundu Gerraz aritzen dira. Zuberoako makiaren tenorea da. Adierazgarri oso Gillen Negueluak egin “Xendetarik” izeneko kantua. Hona hemen bigarren kobla: “Naziek abiarazirik, Europa osoan hedatzen da gerla, / ordüan ahal oroz etsaiari bühürtü behar dügü berehala. / Xiberoko Makiarekin xoko batetik besteala, / alkarrekin heltüko gira herriaren libertitateala!.

Hemezortzigarren jelkaldian Jean Jauregiberriren heriotza ekartzen digute gogora. 1953ko uda bukaeran hil zen, 73 urte zituela. Maritxu Negueluak “Jeanen hiltzea” izeneko kantuaren lehen koblan honela dio: “Bizia ezkapi zait ustegabean / denbora eginbeharrez mükürrü betea, / ahalaz düdentako lekürik ez leitean, / bizia hain zalhe ürrent leitekea?

Hogeita batgarren jelkaldian, Madalena Jauregiberriren heriotzaren tenorea da. 1977an hil zen, 93 urte zituela. Maritxu Negueluak honela kontatzen digu “Madalenaren hiltzea” izeneko kantuaren lehen eta hirugarren kobletan. Lehen kobla: “Biziak ützi deitan denbora igaran dit erakaspenetan / laxüki nihauren herexa bat ützi nahian. / ene odola zükeanari bizi emaiteko ahalgabean / holaxe nüzü nihaur baratzen herio aitzinean.” Hirugarren kobla: “Ene gisa hiltzen delarik eüskal jentea / orobat dizü bizirik baratzen deno zure kea. / Arbasoen süak argitüren düano ondoko mentea, / Zuri ari nitzaizü Eüskara, ene haur maitea.!

Bukatzeko azken prediküa eta azken kanthorea, ohitura den bezala. Azken kantu hori Maider eta Jean-Mixel Bedaxagar aita-alabek egina da, “Estaintzearen parabola” izena du eta euskaltasunari zabaldutako keinu garbia da. Hirugarren kobla: Goi Nabarran Irulegi / esküaren gordagi / zorioneko agiantzak. / Gitzala lüzaz segi, / eüskal senide / ta adixkide, / ihoiz ez izan nagi / Artizarra ager dakigün etengabe goiz-argi!” Hala bedi, eta luzaz, gainera!

Trajeria jokatu ondoren antxeren tenorea etorri zen, Herrietako arduradunek dirua eskaintzen, nor gehiagoka, hasi ziren eta azkenean, Gamere-Zihigak irabazi zuen 1700 euro emanez. Bi herriz osatutako udalerri honek antxera irabazteko grina erakutsi zuen, behin eta berriz, heldu den urtean Luis Ligetx izeneko pastorala jokatuko baitute. Antxera (enkantea) irabazi ondoren, bertan ziren gamerearrak eta zihigarrak oholtzara sartu ziren eta moñeiñak eta aintzina-pika airoski zituzten dantzatu, 2024an ikusiko dugun pastorala iragarriz.

4.- Pastoralari buruzko zenbait gogoeta.-

Lehenik, Maritxu Neguelua pastoral-egile gaztea zoriondu behar dut, ausardiaz, dotoreziaz, arte senaz eta zuzentasunez idatzi baitu bere lehen pastoral hau. Ziur naiz bere eskutik sorturiko pastoral gehiago ezagutuko eta gozatuko ditugula. Denborak erranen! Eta ondotik, Urdiñarbe herria ere goretsi beharra daukat, horrelako pastoral ederra jokatzeagatik eta urdiñarbetarrek euskararen eta euskal kulturaren alde atxikirik jarraitzen dutela, argi eta garbi erakusteagatik. Eguneroko erabilerak egiten gaitu euskaldun, eta urdiñarbetarrak ildo horri ongixko lotuak ditugu. Horren fruituak dira haien maskaradak eta pastoralak.

Pastorala antzerkiaz haratago doan arloa dugu, antzezpenaz, kantuz eta dantzaz osatua dena. Pastorala bizi-bizirik dago Zuberoan , etengabeko garatze prozesuan. Zenbait gauza desagertzen dira, gauza berriak pizten edota aldatzen dira…, bizirik dagoenaren seinale garbia. Aldatzen ez dena zaharkitzen eta hiltzen da; aldaketek, berriz, etorkizuna bermatzen digute.

Azken urte hauetan, adibidez, ate zuritik ateratzen eta sartzen ziren apaiz, apezpiku eta aingerutxoak desagertzen ari dira. Badira lauzpabost urte, deabrüa izeneko panpina bihurria desagertua dela, eta ez dut uste gehiagotan ikusiko dugunik. Kobidaren garaiak formatoaren aldaketa eragin zuen. Ordura arteko lore ederrez apaindutako agertoki handi-zabalak nabarmen murriztu ziren, kabalkadetarako edo libertimenduetarako erabiltzen diren plazen neurrira; eta bi emanaldi egin beharrean, orduz geroztik hiru egiten dituzte. Nire irudikoz, formatu berri honekin, garai bateko ikusgarritasuna galdu egin da hurbiltasunaren eta gertutasunaren mesedeetan.

Horregatik aurten ere, oholtza zola mailan, hau da, lurreko apalean, egon da. Garai bateko eszenatoki garaia desagertzean, etsaiak edo gaiztoak botatzen ziren zulo beltza ere desagertu da.

Aurten dantzari saldo handia izan da eta satan gorriez gain, lehen aldiz, satan urdinak ikusteko parada izan dugu.

Niri arrunt bitxia egin zait, kanpo aldean, ohiko errejentarik, bere bandera urdin eta gorriekin, sartu-irtenak aginduz ez ikustea. Lehen aldiz historian, ene ustez. Errejentak barrendik egin du bere lana, eta ongi egina, gainera, baina…

Bukatzeko eta laburbilduz, erran behar dut pastoral bikaina iruditu zaidala. Istorio ederra eta ongi idatzia, arizaleen joko zuzena eta bizi-bizia, dantzari izugarri on eta trebeak, kantu ederrak, istorioari ongi egokitutako jantziak….; Euskal Herriko luze-zabalean jokatzeko moduko pastorala. Ene zorionak Maritxu Neguelua idazleari, Battitte Berrogain errejentari, arizale guzti-guztiei eta Urdiñarbe herri kementsuari, luzaz jarrai dezaten euskara eta euskal kultura bultzatzen eta horrelako pastoral ederrak jokatzen. Biba zuek!