ANTZERKI AROA

Antzerki Aroaren proposamena udazkenerako: bost antzerki-emanaldi euskaraz, Nafarroako Antzerki Eskolan, azaroaren 22ra arte

Zikloa urriaren 25ean hasiko da euskara ikasleei zuzendutako antzezlan batekin; beste lau emanaldiak herritar ororendako izanen dira

Bost antzezlanek osatzen dute udazkeneko edizioko Antzerki Aroa, Iruñeko Udalak antolatzen duen euskarazko antzerki-zikloa, urriaren 25etik azaroaren 22ra. Bost emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dira, 19:00etan. Aurten, berritasun gisa, zikloa aurkezteko emanaldi berezi bat eginen da, helduendako ikastetxeetako euskara ikasleei zuzendua. Aurrez gonbidapen bat jasoko dute. Gainerako emanaldietarako sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, 8 euroan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik. 

Zikloa, hain zuzen ere, euskara ikasleendako emanaldiarekin hasiko da. Urriaren 25ean (asteazkena), 19:00etan, Amaia Bonoren Belarri prest. Nire lehenengo sortzelana euskaraz taularatuko da. Proiektu hau ikasketa prozesu bat da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia… Hori guztia euskaldunberrien kontakizunetik eta hizkuntzaren azterketatik abiatuta. Amaia Bono da antzezlan horren kontzeptuaren eta interpretazioaren arduraduna, eta Idoia Zabaletak laguntzen dio mentoretzan eta kanpoko begiradan eta Laura González de Duranak, proiekzioetan. 

Urriaren 27an, ostiralarekin, herritarrei, oro har, zuzendutako emankizunak hasiko dira, Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanarekin. Sitcom delakoaren eta poesia bisualaren artean kokatzen den lan bat da. Hiru lagun beren ekintzen bidez azaleratzen joanen dira zer ezkutatzen den beren irri faltsuen azpian. Hori oinarri hartuta, galdera, kontraesan eta umorezko une ugarik ezusteko bidaia eszenikoa sortuko dute. Marina Suárez de Ortiz Zarate eta Oier Guillanek zuzentzen dituzte Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran. Garaion Sorgingunea, Dinamoa, Kulturaz Kooperatiba, Lekuona Fabrika, Errenteriako Udala, Eztena Jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira laguntzaileak.

Hiru proposamen azarorako

Azaroan sartuta, hilaren 8an, asteazkenarekin, Itziar Manerok Memoria aurkeztuko du. Izenburuak berak dioen bezala, memoriari eta haren galerari buruzko antzezlana da; amona baten memoria erregistratzeko saiakera bat, denboraren eta gaixotasunaren aurkako lasterketa batean. Memoria amona baten eta biloba baten arteko topaketa bat ere bada. Elkarri galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegin bat, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen. Itziar Manero da antzezlan honen zuzendaria, interpretea eta ekoizlea, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, Harrobiaren eta Garaion Songingunearen laguntza izan du.

Astebete beranduago, azaroaren 15ean, Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra taularatuko du. Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxe ondoko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza du. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzti erortzen dira lurrera. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituzten baldintzek eta ekosistemak guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola dira protagonistak. 

Zikloaren azken proposamena azaroaren 22an (asteazkena) helduko da, La Cuerda Teatroren eskutik. Euli dantza komedia beltza da, eta gaur egungo une bati buruzko gogoeta egiten du, non batzuetan komunitatearen kontzeptua agendetan hainbeste notaren artean lausotzen den, eta non ez den erraza besteen konpromisorako eta zaintzarako tartea bilatzea. Bizilagunen komunitate batean emakume zahar baten gorpua topatu dute, hil zenetik astebete igaro ondoren. Auzotarretako bat bereziki hunkitua dago, eta auzotarren bilera bat antolatzea erabaki du, beilaldi gisa. Ustekabeko eta nahi gabeko bilera, baina batzuek eta besteek bertan egon behar dute. Maider Lecumberri, testuaren egilea ere badena, eta Maitane Perez dira Getari Etxegaraik zuzendutako obra honen protagonistak.

ANTZERKI AROA UDAZKENA. URRIAK 25 – AZAROAK 22

Urriak 25, asteazkena. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • BELARRI PREST. NIRE LEHENENGO SORTZELANA EUSKARAZ. Amaia Bono 

  • Emanaldi berezia, euskara ikasleei zuzendua.

Urriak 27, asteazkena. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • ZEOZERTAN DABIL BAINA EZ DAKIT ZERTAN. Metrokoadroka

  • Sarrera: 8 euro. Sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Azaroak 8, asteazkena. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola

  • MEMORIA. Itziar Manero

  • Sarrera: 8 euro. Sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Azaroak 15, asteazkena. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola

  • INTXAURRA. Mairu Antzerki Taldea

  • Sarrera: 8 euro. Sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Azaroak 22, asteazkena. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola

  • EULI DANTZA. La Cuerda Teatro

  • Sarrera: 8 euro. Sarrerak www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.