JHONNY VILLARROEL ROCHA

 

Jhonny Villarroel Rocha, San Luiseko (Argentina) Fisika Aplikatuko Institutukoa, doktoretza ondoko egonaldi bat egiten ari da NUPen, María Zambrano laguntza bati esker

Unibertsitate publikoetara atzerriko irakasle eta ikertzaile talentudunak erakartzea da Estatuko dirulaguntza horien helburua

 

Jhonny Villarroel Rocha San Luiseko (Argentina) Fisika Aplikatuko Institutuko ikertzailea doktoretza ondoko egonaldi bat egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) INAMAT2 institutuan, Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak ikerketa-taldearen barnean. Unibertsitateen Ministerioak espainiar estatuko unibertsitate sistema birkualifikatzeko ematen dituen dirulaguntzen testuinguruan gauzatu da NUPeko egonaldia, “María Zambrano” izeneko laguntzen testuinguruan, alegia. Laguntza horiek xede zehatz bat dute: atzerriko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan 24 hiletik gorako doktoretza ondoko ibilbidea egina duten irakasle eta ikertzaile talentudunak erakartzea unibertsitate publikoetara.

Villarroel Rocha doktorea San Luiseko Unibertsitate Nazionaleko Fisika Aplikatuko Institutuko Solido Porotsuen Laborategiko ikertzailea da (INFAP-CONICET-UNSL), baita unibertsitate bereko Zientzia Fisiko-matematikoen eta Natura Zientzien Fakultateko Fisika Saileko irakaslea ere. Fisikan doktorea da UNSLn, Ingeniaritza Kimikoan graduatua eta Gas Naturalaren Ingeniaritzan diplomatua. 50 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu, beste batzuekin batera, eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, eta 120 komunikazio baino gehiago egin ditu nazio-mailako eta nazioarteko kongresuetarako.

 

Atmosferarako CO2 isurketak murrizteko soluzioak

Manufaktura-industrietan eta zentral elektrikoetan erregai fosilak erretzearen ondorioz atmosferara isurtzen diren CO2 kantitate handiek agerian uzten dute beste teknologia erakargarriago batzuk erabili behar direla ingurumen egoera horri irtenbidea ematen saiatzeko. Espainiar estatuan eta Argentinan, energia-matrize primarioak badu berezitasun bat: gas naturalean eta petrolioaren deribatuetan dago oinarritua, eta, horren ondorioz, CO2 isurtzen da atmosferara (zehazki, 2020an, Espainiak 270 mton CO2 isuri zituen urtean, Argentinak 200 mton CO2 urtean, eta munduan, berriz, 50 gton CO2 urtean).

“Baldintza horietan, gaur egun lehentasunezkotzat jotzen da CO2 isuriak murrizteko konponbideak bilatzea”, esan du Andoni Gil Bravo NUPeko katedradunak. “Alde horretatik, solido porotsuetan oinarritutako adsortzio-prozesuen bidez CO2-a adsorbatzea edo atzematea eta ondoren balio erantsiko beste produktu batzuetara katalitikoki eraldatzea alternatiba teknologiko esperantzagarrienetako bat bilakatu da, bere sinpletasuna eta efizientzia direla-eta”, ondorioztatu du. Horixe da, hain zuzen ere, Villarroel doktoreak NUPen lantzen duen ildoa.

 

Argazkia: Jhonny Villarroel Rocha ikertzailea, NUPen.