GERRAK DEBEKATU BEHAR DIRA

    

     

(Testu hau orain dela bederatzi urte idatzi nuen, baina, zoritxarrez, inoiz baino gaurkotasunik handiena dauka, horrexegatik argitaratu nahi dut berriz ere)

 

         ZERGATIK? Hona hemen 28 arrazoi:

 

         1-. Etxeak suntsitzen dituztelako, eta etxeak suntsitzea galarazia dago mundu osoan.

         2-. Gerrek nahita suteak sorrarazten dituztelako, eta hori eragotzia dago herrialde guztietan.

         3-. Gerrek kutsadura ikaragarri handia sortzen dutelako, eta kutsadura sortzea gaur egun oso jazarria dago.

         4-. Gerrek eskolak eta unibertsitateak puskatzen dituztelako, eta hori onartezina da planeta osoan.

         5-. Gerrek ospitaleak txikitzen dituztelako, eta ospitaleak txikitzea aberrazio hutsa da.

         6-. Gerrek animaliak izutu, zauritu eta hil egiten dituztelako, eta horrek ez ditu pertsonak hobetzen.

         7-. Gerrek urak zikindu, kutsatu eta pozoitzen dituztelako, eta ekintza hori osasungintzaren aurkakoa da.

         8-. Gerrek artea, museoak-eta desegiten dituztelako, eta hori adimenaren kontrakoa da.

         9-. Gerrek kulturak birrintzen dituztelako, eta kulturak birrintzea guztizko aldrebeskeria da.

         10-. Gerrek  gosea eta sufrimenduak eragiten dituztelako munduan, eta hori oso aldrebesa eta arbuiagarria da.

         11-. Gerrek gaixotasunak ikaragarri biderkatzen dituztelako, eta jokamolde hori zientziaren aurka doa.

         12-. Gerrek haur, gizon-emakume eta zaharrak izutu, zauritu eta erail egiten dituztelako, eta horrek ez du ez bururik ez hankarik galaxia osoan.

         13-. Gerrek gizakiak aurrez aurre jartzen dituztelako elkar hiltzeko beren borondatearen aurka, eta hori ulertezina da.

         14-. Gerrek hizkuntza eta kultura sendoenak inposatu egiten dituztelako, eta ahulenak, berriz, desagerrarazi, eta hori zapalkuntza hutsa da.

         15-. Gerrek gizartea basati bihurtzen dutelako, eta hori gizatasunaren aurkakoa da.

         16-. Gerrek gizateriari arima lapurtzen eta deuseztatzen diotelako, eta horrek animalia irrazional bihurtzen gaitu.

         17-. Gerrak inperialistak eta kolonizatzaileak direlako, eta hori ez da batere demokratikoa.

         18-. Gerrek ez dituztelako arazoak konpontzen adostasunaren bidez, eta bizikidetza, aldiz, larriki zauritua uzten dute; hori ezin onartuzkoa da.

         19-. Gerrek giza eskubide guzti-guztiak urratzen dituztelako, eta hori ezin da inoiz bidezkoa izan.

         20-. Gerrek ustelkeria, lapurretak eta ilunkeria sustatzen dituztelako, eta hori guztia gardentasunaren kontrakoa da.

         21-. Gerrek gizon-emakumeak, haurrak eta abar bortxatu, torturatu eta gaizki tratatzen dituztelako, eta horrek guztiak pertsonak alienatu egiten ditu.

         22-. Gerrek mota guztietako biktimak sorrarazten dituztelako, eta hori legez kanpokoa da leku guztietan eta beti.

         23-. Gerren eragile eta errudunek ez dutelako beren larru sentibera eta delikatua arriskatzen, baina besteena bai; ez dute inondik ere elkarkidetasunik.

         24-. Gerrek giza balio etiko guztiak zapal-zapalduta uzten dituztelako, eta hori adimenduaren aurkakoa da.

         25-. Gerrek maitasuna eta elkartasuna gorroto bihurtzen dituztelako, eta hori ontasunaren ifrentzua da.

         26-. Gerrek aberats gutxi batzuk gehiago aberasten dituztelako, eta, behartsuak eta jende xumea, ordea, gehiago txirotzen dituzte oraindik, eta hori ez da inola ere morala eta etikoa.

         27-. Gerrek Lur planeta hondatu egiten dutelako, eta Lurra gure etxe bakarra da.

         28-. Gerrak debekatu behar dira, laburbilduz, horretarako hamaika mila milioi arrazoi daudelako, jakin, ulertu eta onartu nahi dituztenentzat. 

         Zein herri erdi zibilizatuk eta erdi demokratikok onar ote lezake gerra laurden bat ere?      

 

Xanti Begiristain Madotz.     

Auritz, 2014-09-20.