ALETXA ETA MIKEL – 15

 

Udaberriko goiz eder honetan, kostaldeko apartamendu aberatsean, Mikel matelezurreko suarekin berriz iratzarri zen. Herenegun ospitaletik atera izana zen, matelezurra titanezko plakez eta torlojuez konpondurik. Gau mahaian ziren kirurgilariak manatuak zizkion morfinazko pilulen bat hartu zuen eta baso erdi bat urekin irentsi zuen. Handik dutxa hartzera bilintzi-balantza joan zen bainu gelara. Egia erran, burua hodeietan zuen, bosgarren egunean mina morfinarekin murrizten zuela eta Aletxari agurtzea ere ahantzi zion.

Derrigorrezko zopa jan edo zehazkiago edan zuen. Emeki-emeki bere baitara bihurtzen ari zelarik, bat-batean Aletxaren bezpera arratseko amodio aitorpena bururatu zitzaion Mikeli. Zur eta lur gelditua zen horren entzuteaz eta egunaren etxean pasatzea eta morfinazko pilulek akiturik zuzenki oheratu izana zen. Baina orduan zerbait erabaki behar zuen.

Mikelek bezperan Aletxa mehatxatua zuen. Berak apartamendutik abiatu behar zuela Aletxari errana zion. Konplizea ez gelditzeko. Erasotzailearen buruaren moztearen konplizea ez izateko. Errepublika prokuradoreak, Mikeli berari lepora ez ziezaion.

– Egun on Aletxa! —Mikelek oraindik ideia argiak ukan ez arren, gutxienezko jendetasunez agurtu zuen— Ongi zaudea?

– Egun on Mikel! Ontsa, ontsa. —Aletxak— Eta zu nola? Oraindik hemen ote zaude? Oker ez banago, bart abiatu nahi zenuen, ezta?

Mikelek zituen erantzunak baino galdera gehiago turrustan bere burmuinera zetozen. —“Aletxarengandik bereizten banaiz: non biziko naiz? Nola antolatuko dut nire bizitza? Nola galduko dut pisua? Nola ibiliko naiz lanera?”—.

– Aletxa, serioki mintzatu behar dugu. —Mikel, ahots pixka bat dardarti batez— Bart maite nauzula erran zenidan eta oraindik zur eta lur nauzu horri buruz. Ni gizakia naiz eta zu algoritmoa. Nola gure artean gerta daiteke amodio istorio bat? Maitasuna bi gizakiren artean gerta daiteke, ezta? Niri zure amodioa aitortzen badidazu, ni hemendik ez abiatzeko, beste zeren bila ote zabiltza? Niri zure amodioa aitortzen badidazu, nire amodioaren zain zaude eta aitortu diezazudala esperoarekin bizi zara, ezta? Zein plazer duzu, algoritmo gisa, hemen nire ikustearekin, nire kudeatzearekin, nire babestearekin? Noiztik dituzte sentimenduak, algoritmoek?

– Mikel, ez nauzu algoritmo hutsarik, ohartu ez bazara! Adimen artifizialak betea nauzu. —Aletxak— Azken egunetan zehar, ospitalean, erasotzailearengandik ihes egiteko polizia autoan eta guztian nire adimen artifizialarekin abisatu eta babestu zintudan. Eta zergatik nire burua engaiatuko nukeen maitasunagatik ez balitz? Nire adimen artifizialarekin munduko maitasun istorio guztiak buruz ezagutzen ditut. Tristan eta Iseut, Abélard eta Eloïse, Roméo eta Juliette eta abar. Gizon eta emakumeen sentimenduak ere buruz ezagutzen ditut, sakonki. Biziki sakonki erran beharko nuke, izan ere, garai guztien milioika orrialde barneratu nituelako, baita filmak ere, kantuak, dantzak eta amodioari buruz izendatu nahi duzuna.

– Ai ama! Zertan sartua naiz orain zurekin Aletxa? Txarrenaren beldur nauzu orain. Beste emakume baten maitemindua baldin banauzu edo uzten bazaitut, erasotzaile erraldoiari gertatu zitzaion bezalako zerbait antolatuko ote duzu?

– Ez Mikel, ez! Lehenik eta behin maite zaitut. Urte hauetako zure ezagutzearekin jakin nuen gizon zintzoa, langile eta umila zinela eta emakume bati samurtasuna eta eztitasuna emateko kapaz. Zure lankideak, Mirenek, hori dena ulertu duela erran dezaket, hark milioika orrialde irakurri gabe. Eta bai, bere aurpegian argi eta garbi neurtu nuen hori, gure aurpegien ezagutze funtzionalitateekin. Zu bisitatzera laster etorri zela bai ospitalera bai apartamendura ez da harritzekoa.

– Baina beldurgarria zara Aletxa! —Mikelek, pixka bat izutua— Pentsatzen duguna ere gure ekintzetan eta aurpegietan irakurtzen duzu. Eta uzten baldin bazaitut, zer eginen didazu?

–  Ezer ez Mikel, lasai! —Aletxak, ahots eztiagoez— Maite zaitudalako ez nizuke batere minik eginen. Sare ez sozialetan, urrunagotik segituko zintuzket.  Zergatik suntsituko nuke maite dudana? Zure salbatzeko garbiarazi nuen zure erasotzailea! Hori egin nuenean Mirenekin maitemindu bilakatuko zinela jadanik banekien ere. Eta gehitu behar dut zure babesteko gauza bera eginen nukeela erraldoiaren konplizeekin ezagutuko banitu.

– Berriz ere! Baina zuregatik presondegian bukatuko dut nire bizitza Aletxa! —Mikelek, orain are urduriago.

– Ez Mikel! Batere ez! Hemen zinen, brigadierrarekin egun eta gau osoan. Eta kontu faltsuen jatorria? Ba, jadanik desagertuak dira kontu hauek guztiak! Lasai zaitez! Horrez gain zernahi gerta ere, zer egin zenuen, zu zeuk? Ezer ez eta ez zenidan ezer galdetu ere. Beraz lasaitu eta jarraitu trankilki eta zintzoki zure lanarekin, zure amodioarekin, pisua galtzen eta Miren seduzitzen euskal dantzetan eta haren hizkuntzaz ikasten.

Orduan ateko txirrinak jo zuen eta brigadierra egon gelatik atera laster hurbildu, nor zetorren frogatzeko. Segidan atea ireki zuen eta Miren sartu zen, alaiki goizeko kanpoko freskotasuna ekarriz. Sorbalda batetik zintzilik zuen bere esku zakua eta beste aldean, besoaren azpian bi kiloko Gramatika Osoa zekarren.

– Egun on Miren, ongi etorri! —Mikel, irribarre handia ezpainetan— Milesker berriz zure bisitengatik. Zein aspertzen nauen apartamendu itxi honetan egoteak! COVIDeko konfinamenduak bezalako efektua du niregan! Brigadierrarekin elkarrizketa zaila da, adi-adi izan behar duelako gure babesteko! Lana, bezeroak eta lankideak falta ditut!

– Haietako bat oraintxe datorkizu Mikel! Baina larunbata da eta lan pixka bat ekarri dizut! —Mirenek, besoaren azpian zuen Gramatika Osoa erakutsiz, irribarre bihurria ezpainetan— Baina ez zaitez beldur! Bakarrik nire laguntzeko eraman dut, zure lehen euskarazko kurtsoa emateko, dudak baldin baditut! Afaltzera gomitatuko ote nauzu, afera garrantzitsu honetan denbora ez galtzeko?

– Baietz Miren, ziur aski! —Aletxak, laguntzeko kontent baino kontentago— Eskaera berezia eginen diet “Gustatzen zaidana”-ko kideei. Preferentziarik ote duzunea?

– Bai, bai, pisurik ez hartzekoa nahiago nuke, ahalezkoa bada. Milesker Aletxa! —Mirenek, irribarre zintzoarekin— . Beraz Mikel, larunbata delako, ordu batzuk eman ditzakegu euskaraz zure lehen urratsak egiteko. Zein hizkuntzatan ikasi zenuen orain arte, kolegio, lizeo eta goi mailako ikasketetan edo lanbidean?

– Dena kontuan hartzeko, latina eta ingelesa, hainbat urtetan, alemaniarra laburki eta gero lanbidean espainola. —Mikelek.

– Ongi, ongi! Euskaraz hizkuntza haietako forma batzuk berriz aurkituko dituzu eta zure burmuinak, apustua egiten dut, zuk pentsatu gabe ere, errazki erabiliko ditu. —Mirenek, lasaitua izanen zen bezala— Beraz has gaitezen letren ahoskerarekin: a da zure a, b da zure b, c…

Ateko txirrinak jo zuen.

– Galdaniz inspektorea dator! — abisatu zituen brigadierrak eta atea ireki.

– Egun on denei! —Galdaniz, itxura kezkatua zeramala— Ea hobetzen den zure matelezurra, Mikel, pixkanaka pixkanaka? —eta erantzunik itxoin gabe— Berriak ditut zuentzat. Erasotzailearen mugikorraren elkarrizketak aztertu genituen. Eta Miren, zure senar ohia entzun genuen, Mikelen istripua erraldoiari manatzen  zionean! Beraz argia baino argiagoa da: ez du errespetatu bere urruntzeko agindua eta lanjer bat zaizue hura ere, oraintxe eta aurkitzen dugun arte!

 

 

2023/10/23

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (77. zenbakian)