EUSKAL ASTRONAUTAK ESPAZIOAN BARNA

Gaur egun, gero eta astronauta gehiago daude. Lehen amerikarren eta sobietarren monopolioa zena, gaur arras zabalduta dago planeta osoan. Europak badu bere agentzia espaziala, Txinak ere bai, eta badira hor-hemenka espaziora jauzi egiteko xedea duten hamar bat estatu gehiago. Zalantzarik gabe, gizateriaren etorkizuna espazioan dago. Euskaldunok, oraingoz estaturik ez daukagunez, ez dugu agentzia espazialik, baina Europako agentziarako bidea zabalik daukagu. Jadanik, bi astronauta izan ditugu: Leopold Eiharts miarriztarra eta Josu Feijoo gasteiztarra.

1.- Leopold Eiharts, lehen euskal astronauta.-

Eiharts Biarritzen sortu zen 1957ko apirilaren 28an, gazte-gaztetik Arrangoitzen bizi izan bada ere. 1990. urtean CNES (Center National d´Etudes Spatiales) delakoak hautatu zuen astronauta izan zedin. 1992an, ESA-k (Europar Agentzia espaziala) hautatu zuen bigarren aldiz. Horregatik, Soyuz-en bi misiotan hartu zuen parte. 1996an lehena, eta 1998an bigarrena. Bigarren bidaia honetan hogei egun egin zituen espazioan. Berantago, ISS (Nazioarteko Estazio Espaziala)-rekin ere bi bidaia egin zituen. Lehena 2006an, eta bigarrena 2008an, berrogeita zortzi egun espazioan eginez. Leopold Eiharts astronauta profesionala izan da eta osora 68 egun, 21 ordu eta 31 minutu egin ditu espazioan.

2.- Josu Feijo, bigarren euskal astronauta.-

Josu Feijoo Gasteizen sortu zen 1965eko maiatzaren 8an. Kirolari eta abenturazale porrokatua izan da beti. Zortzi mila metroko Zazpi Gailurrak eginak ditu, Ipar eta Hego poloetara iritsia da, eta 2009an espaziora bidaiatu zuen, Virgin Galactikc enpresak turistak espaziora eramateko egindako VSS Enterpise ontziaren lehen bidaian. Diabetikoa zenez, intsulina berri bat probatzeko xedearekin bidali zuten. Ontzia Kaliforniatik atera zen eta 135.000 kilometroko orbita hartu zuen. Josu Feijoo ez da astronauta profesionala izan eta bidaia bakarra egin du.

Ikusi dugun bezala, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Leopold Eihartsek eta Josu Feijook espazioan egin dutena. Eta beraiek dira, arestian erran bezala, euskaldunok historian izan ditugun lehen bi astronautak. Gehiago etorriko direlakoan nago, eta gainera, mende honetan erdietsiko dugun euskal estatuaren ontzietan ibiliko direnak. Hori ere, etorriko baita!